2013-10-01

Udako mermeladak

 Aurten eguraldi xelebrea izan dugu, baina halere udan fruta dexente jaso dugu, eta mermeladak egiteko aprobetxatu dugu. Hemendik aurrera aparteko moduan eramango ditugu banaketara. 250 gramoko poteak dira, eta 2,50 € izango dute prezioa. Gainontzekoekin bezela, ontziak berrerabili egingo ditugu, beraz bueltatzea komeni da.

Hauek dira udan egin ditugunak:
-Mugurdia edo franbuesa
-Aran gorria eta horia
-Klaudia arana
-Sagarra eta ruibarboa
-Tomate berdea
-Mertxika edo melokotoia

Etiketak ere ipini dizkiegu, "ItsasoEKOur" izenarekin ( "ur", Urteaga eta Urkulegi baserriengatik).

Segidan prozesuaren adibide bat, azkena egin duguna, melokotoiarekin. Oso antzekoa da beste frutekin ere. Melokotoia etxeko paretaren kontra daukagu, haize eta hotzarengandik babesteko, bestela nahikoa errez gaixotzen dira inguru hauetan.


Melokotoiak bildu, zuritu, txikitu eta azukretan beratzen utzi, gau osoz. Azukrea ere ekologikoa erabiltzen dugu, hirutik bateko proportzioan gutxi gorabehera


Hurrengo goizean egosi, eta ondoren limoi zuku pixka bat nahastu.

 Poteak esterilizatu egin behar dira ur irakinetan, eta mermelada beroa dagoela sartu bertan.

 Tapak (beti berriak) ere ur irakinetan eduki, potea itxi eta buruz behera utzi, hoztu arte.



 Hemendik aurrera ere izango dugu gehiago egiteko aukera, madari, piku, mahats, sagar,.... eta neguan kiwiekin.




No hay comentarios:

Publicar un comentario